Mobile Virtual Learning for Indigenous Languages
01.10.2019 –  28.02.2022
Project Reference: 2019-1-UK01-KA204-061875

2019 urtea Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu dute (Nazio Batuen 71178 Ebazpena, Herri Indigenen Eskubideei buruzkoa). Gainbehera etengabeak eta, kasu batzuetan, hizkuntza horien galerak, lehen mailan jarri ditu desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak eta, oro har, hizkuntza gutxituak sustatzeko eta dinamizatzeko ahaleginak. Testuinguru horretan, “Arriskuan dauden hizkuntzak” deitzen denaren existentzia eta etorkizuna babesteko konpromisoa hartzen du EBk. Europako Kontseiluaren Eskualdeko edo Eremu Urriko Hizkuntzen Gutunak, hizkuntzen hezkuntza eta ikaskuntza funtsezko lehentasuntzat azpimarratzen ditu, hizkuntza gutxituetako komunitateetan hezkuntza-eskaintza ezaren ondorioz. Herrialde batzuetan, adibidez, desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza gutxitua ikasteko aukera bakarra, “atzerriko” hizkuntza irakasgai bezala ikastea da.

Testuinguru horretan, gure proiektuaren lehentasunak bat datoz arriskuan dauden EBko 128 hizkuntzak babesteko eta sustatzeko EBren lehentasun eta ekimenekin (ikus Europako Parlamentuko idazkari nagusiaren 2013ko txostena: “Lenguas en peligro y diversidad lingüística en la Unión Europea “). UNESCOren arabera, hizkuntza bat arriskuan dago hiztunek erabiltzeari uzten diotenean edo maiztasun gutxiagorekin erabiltzen dutenean eta hurrengo belaunaldiei transmititzeari uzten diotenean.

Gure proiektuak, IndyLan-ek, hezkuntza-tresna bat diseinatuko du, espezifikoki desagertzeko arriskuan dauden Europako hizkuntza batzuk ez ezik, hizkuntza horiek hitz egiten dituzten komunitateetako kulturen beste alderdi batzuk ere ikasteko aukera izan dezaten erabiltzaileek. Tresna hau aukera bat da hizkuntzak aplikazio mugikor batetik ikasteko. Telefono adimendunak (smartphone-ak) oso hezkuntza-tresna ezagunak bilakatu dira, eta adin guztietako smartphone eta tablet erabiltzaileen kopurua etengabe hazten ari da EBn. IndyLan aplikazioak ingelesa, gaztelania, norvegiera, suediera eta finlandiera hitz egiten dutenei Gaelikoa, Eskoziera, Kornubiera, Euskara, Galegoa eta Saamia ikasten lagunduko die, guzti hauek maila ezberdinean bada ere, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak direlarik .

Aplikazioa aurreko proiektu batean oinarritzen da, Moving Languages, funtsezko ezberdintasun batekin: IndyLanek aplikazio bakarra sortuko du hizkuntza guztientzat, eta ez aplikazio espezifiko ugari hizkuntza bakoitzarentzat, Moving Languages-ek egin zuen bezala. IndyLanek 100 kategoriatan 4.000 hiztegi elementu inguru izango ditu (terminoak nahiz esamoldeak). Hauek dira aplikazioan eskuragarri egongo diren modalitateak: Hiztegia; Esaldiak; Elkarrizketak; Gramatika; Kultura; Proba.

Hiztegia metodo desberdinekin praktikatu daiteke. Elementu gehienak irudiztatuta egongo dira, kontzeptuak errazago antzemateko. Audioa egongo da hiztegi osorako, esaldientzako, elkarrizketentzako eta abar. Aplikazioak komunitate horien kulturari buruzko atal bat ere izango du, testu, musika eta irudiekin. Bertan, erabiltzaileek gehiago ikasi ahal izango dute desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak hitz egiten dituzten pertsonen kulturaz eta ondareaz. IndyLan-en, hizkuntzak ez ditugu hiztunengandik bereizitako zerbait bezala ulertzen.

IndyLan aplikazioa mundu-mailan doan deskargatzeko aukera egongo da 2021eko ekainetik aurrea, bai iOSen bai Androiden. Hizkuntzak ikasteko aplikazio guztiak bezala, hizkuntza eta kulturako beste ikastaro batzuen osagarri da IndyLan, eta norbere buruarekin ikasteko material gisa hartu daiteke. Gure helburua, IndyLan aplikazioak desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen ikasketan eta biziberritzean laguntzea da, hizkuntza horiek bizirik eta garrantzitsu iraun dezaten gaur egungo gizarte eta ekonomietan.

INDYLAN-Brochure-Basque